Poesia
nola irakurtzen da?
Galdetu didazu.
Ederra galdera!
Zein ote erantzuna?
Nik ez dakit
kosmosari
galaxiari eta
anarkismoari buruz.
Ezer.
Besteek horietaz idazten dute…
Nik ez dakit
hitz horien guztien esanahia.
Ezjakin bat baino ez naizela,
besterik ez dakit.
Eta poesia
nola irakurtzen den
galdetzen didazu?
Zer erantzun?
Begira;
nik, idatzi,
barne indarraren eraginez
idazten dut;
sarri, negarrez.
Gero, trantzetik irtetean
ordenagailuaren pantailari so egin
eta
nor da honen guztiaren egilea?
Zein doinu, erritmo edo musika du honek?
Ene!
Ezjakin hutsa naizela,
besterik ez dakit.
Zure galdera bera
egiten diot nik neure buruari;
nola irakurtzen da, bada?
Begira;
Poesia ez dela irakurtzen
esango nizuke.
Poesia
bizitu egin behar da
sentitu
sufritu
gozatu
Eta nahi baduzu,
… biok elkarrekin!
No hay comentarios:
Publicar un comentario